Edukinera joan | Menu nagusira joan | Ataletara joan

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Logoa
Gipuzkoakultura logotipoa

Loading

2011-06-30 / 2011-10-02

Titiriteros de Binéfar taldeari eskainitako aldi baterako erakusketa

Publikoa: Helduak, Familiak, Gazteak: 14-18 urte, Gaztetxoak: 10-14 urte , Umeak: 4-6 urte

 

Aragoiko taldeak Haurrentzako Antzerki Sari Nazionala eskuratu zuen 2009an, eta harreman estua du Tolosarekin

Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak aldi baterako erakusketa berria zabaldu du; hain zuzen ere, 2009an Haur eta Gazteentzako Antzerki Sari Nazionala eskuratu zuen Titiriteros de Binéfar taldeari eskainia. Erakusketa honen bidez, merezitako omenaldia egin nahi diote antolatzaileek taldeari, orain arteko ibilbide bikainagatik; horretarako, taldearen obrak eta txotxongiloak erakusgai jarriko dituzte. Ekainaren 30ean zabalduko ditu ateak, eta urriaren 2ra arte egongo da ikusgai.

Aldi baterako erakusketak museoko bigarren solairuan atontzen dituzte, oro har; baina, oraingoan, museoko bigarren solairutik kanpora hedatuko dute erakusketa, nahiz eta muina solairu horretan bilduko den. Antzokiko tabernan Topic zentroak taldeari buruz duen kartel bilduma ikusi ahal izango da, baita taldeak erakusketaren karietara zentroari oparitutako funtsak ere. Zero solairuan, antzokiaren alde batean, 'Retablo de Navidad' obrako erretaula jarriko dute; izan ere, hain handia izanik, ez dago beste inon ezartzerik. Solairu horretan bertan, kale ikuskizunetan erabiltzen dituzten buruhandi batzuen marrazkiak erakutsiko dituzte.

 

Miguel Arreche Topic zentroaren zuzendarikideak dio erakusketa honen bidez Titiriteros de Binefar taldeari eskertu nahi diotela "Tolosarekiko adiskidetasuna, fideltasuna eta, batez ere, konpromisoaren eta artea". "Topic inauguratu genuen urtean bertan, Sari Nazionala eman zion Kultura Ministerioak Titiriteros de Binefar taldeari; horrek asko poztu gintuen, beti baita atsegina lagunak saritzen dituztela ikustea, eta, sari hori banatzen zen lehen aldia izanik, txotxongiloaren esparruari ematea".

Titiriteros de Binefar taldeak erlazio estua du Tolosako Titirijai txotxongilo jaialdiarekin. 1991ko azaroan, erabateko arrakasta izan zuten Tolosako Iparragirre antzokian, 'Bandido Cucaracha' lanarekin. Harrezkero, sarritan izan ditugu gure artean. 1995ean, '¿Matamos al Dragón?' eta 'Almogavares' obrak aurkeztu zituen. 1996an, 'Fábula de la raposa' ikuskizuna eskaini zuten. Handik hiru urtera, 'Cómicos de la legua' emanaldiarekin itzuli ziren. 2002an, 'Dragoncio' antzeztu zuten, eta, handik bi urtera, 'Retablo de Navidad'. 2006an, 'El hombre cigüeña' taularatu zuten, eta, 2009an, TOPIC zentroaren inaugurazioan parte hartu zuten, 'No nos moverán' ikuskizunarekin. Emanaldi horiei esker, eta Donostiako Musika Hamabostaldian egindakoei esker, haiekiko zaletasun handia dute Tolosako ikusleek eta Gipuzkoakoek, oro har.

Apariciok eskerrak eman dizkie Idoia Otegui eta Miguel Arrecheri, "temati baina goxo arituz 'behartu' egin nautelako atzera begiratzera, orain arte egindako bidea aztertzeko, eta aurrean dugun bidea iragartzera. Haien zuzendaritzapean egiten den 'Titirijai' jaialdiak beti izan du uste osoa gugan". Taldearen zuzendariak zera gogorarazi du: "Tolosako Leidor zinema-antzokia berritu aurretik esan ziguten eserlekuak aldatzeko asmoa zegoela. Abizandako Txotxongiloen Etxerako (Huesca) eskatu genituen, eta hantxe daude, Topic ederrean egingo den erakusketa antologikoaren eskutik sendotuko den adiskidetasunezko harreman emankorraren erakusgarri".

Titiriteros de Binéfar taldea Espainiako txotxongilo antzerkiko talderik beteranoenetakoa da. "Hogeita hamar urtetik gora daramatzagu errepidean, gure panpinekin, txotxongiloa lantzen, eta kale, plaza, antzoki nahiz karpetan gure musika zabalduz", dio Paco Apariciok, bere emazte Pilar Amorosekin batera taldea sortu zuenak. Hark dioenez, beren antzerkia "haurrentzako da, izaki sentibera eta inteligenteak baitira; baita helduentzat ere, samurtasunari eutsi dioten eta antzerkiaren jai eta jolas giroa atsegin duten helduentzat".

Agertokietako lanaz gainera, zazpi disko eta hiru liburu eman dituzte argitara. Hogeita hamar ikuskizunetik gora estreinatu dituzte, eta hogeita hemezortzi herrialdetako ikusleen aurrean aritu dira. "Gure txotxongiloekin izan gara Andorra, Portugal, Frantzia, Italia, Hungaria, Alemania, Txekiar Errepublika, Finlandia, Suitza, Luxenburgo, Belgika, Maroko, Japonia, Palestina, Kolonbia, Ekuador, India, Mexiko, Taiwan, Brasil, Puerto Rico, Costa Rica, Kanada, Grezia, Zipre, Txina, Polonia eta Lituanian, baita Estatu Batuetan ere, Kalifornia, Atlanta, Washington, New York, New Orleans, Connecticut, Vermont eta Hollywooden. Jakina, Espainia ia osoa ezagutzen dugu, eta Aragoiko txoko guztiak ere bai", azaldu du Paco Apariciok.

Tokia: Topic. Euskal Herria plaza, 1. Tolosa
Data: Urriaren 2ra arte.

Ordutegia eta prezioak

 
Nere ibilbidera gehitu erakusketa
 
Compartir

Itzuli

HARREMANAK

  • Jabetasuna:
  • Telefonoa: +34 943 65 04 14    
       
  • E-maila: cit@cittolosa.com
  • Webgunea: webgunea ikusi
  • Helbidea: Euskal Herria Plaza 1, 20400 Tolosa - Tolosa - mapa ikusi

ORDUTEGIAK

SARREREN PREZIOA

2 urtetik beherakoak: doan.

Haurrak (2 eta 12 urte bitarte): 3 €. Helduak: 4 €.

Tarifa murriztua: Haurrek: 2 €. Helduak: 3 €.

Prezio murriztua taldeei egingo zaie (15 pertsona baino gehiagoko taldeentzat, TOPICen lagunak, familia ugariak eta egiaztatu dezaketen jubilatu eta langabetuak). Museorako txartela ordainduta, aldi baterako erakusketa ere bisita daiteke.

EKIPAMENDUAK ETA ZERBITZUAK

  • Hizkuntza: frantsesa
  • Hizkuntza: ingelesa
  • Hizkuntza: euskara
  • Hizkuntza: gaztelania
  • Argitalpen propioak
  • Gida didaktikoak
  • Ikertzaileen gela
  • Hitzaldi-Aretoa
  • Liburutegia
  • Gela didaktikoa
  • Denda
  • Lehiatila / Kontsigna
  • Barne ibilbide egokitua
  • Igogailua
  • Sarrera egokitua
Creative Commons lizentzia. Irakurtzeko hemen zapaldu
2019 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Logotipo Gipuzkoa.net. Sakatu Gipuzkoa.net web gunera joateko.