2014-01-24 / 2014-11-09
Gipuzkoako itsasaldea artean
Publikoa:
Erakusketa Gipuzkoako itsasaldean zeharreko ibilbidea bezala ikus daiteke (Bidasoako estuariotik Mutrikuraino), olio pintura, akuarela, grabatu eta litografien hautaketa baten bitartez. Erakusketaren bidez, itsasalde honen paisaia fisiko eta humanoak denboran zehar izan dituen bilakaerak eta iraunkortasunak ezagutu ahal izango dira.
Halaber, erakusketak Gipuzkoako itsasaldeko paisaiaren eta portuen irudikapen grafiko eta piktorikoen aniztasunera gerturatze bat proposatzen du. Hautatutako piezetatik abiatuz, bisitariak ikusmeneko arteetan kostaldeko paisaiaren eraketa prozesua jarraituko du, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako irudietatik gaur egungo adierazpenetaraino. Eta neurri txiki batean, hemen biltzen diren irudikapenen formulazio ezberdinen bitartez, Gipuzkoako artearen historia egin daiteke bere dimentsio figuratiboan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumako –Untzi Museokoarenak barne– obrak egongo dira erakusketan, eta baita beste erakundetakoak ere, San Telmo Museoa, Kutxa Fundazioa edo Arabako Arte Ederren Museokoak, besteak beste. Aurrez publikoan inoiz erakutsi gabeko bilduma partikularretako lan kopuru eder bat ere erakusten du.
Erakusten diren 109 lanen artean XIX. eta XX. mendeetako artearen historian ezagunak diren margolariak daude, besteak beste, Darío de Regoyos, Antonio Brugada, Ignacio Ugarte, Julián Tellaetxe, Alberto Arrúe, José Salís, Daniel Vázquez Díaz, Bienabe Artía, Henri Achille Zoo, Elías Salaverria, Ángel Cabanas Oteiza, Carlos Sáenz de Tejada, Jesús Olasagasti, Carlos Landi, Pablo Tillac, Ascensio Martiarena, Jesús Apellaniz, Menchu Gal, Gonzalo Chillida edo Raul Urrutikoetxea. Hauen ondoan gaur egun jardunean aritzen diren artisten obrak ikus daitezke, José Gracenea, Clara Gangutia, Alejandro Garmendia, Eduardo Chillida Belzunce, Nori Ushijima, Iñaki Bilbao, Jesús Mansé, Juan Luis Goenaga, Dora Salazar edo Tomás Hernández Mendizabalenak. Artista batzuek lanak egin dituzte bereziki erakusketa honetarako. Juan Luis Goenaga, Nori Ushijima, Jesús Mansé edo Iñaki Bilbao-ren kasuak dira.
Erakusketak Untzi Museoak 20 urtetan egin duen ondare berreskurapenaren erakusgarri da. Erakusketan dauden 109 artelanetatik 30 Untzi Museoarearen bildumakoak da, bertan grabatu bilduma zabala dagoelarik. Hauekin bat Gipuzkoako Foru Aldundiko funtsa desberdinetako beste 14 pieza ikusgai daude. Erakusketa osatzeko hainbat erakundeen lankidetza eskertu beharra dago, bere funtsetako obrak utzi dituztelako: Futxa Fundazioak 15 obra, San Telmo Museoak, 12 obra eta Arabako Arte Ederren Museoak 4 obra. Gainera, erakusketaren 33 artelan (erakusketaren laurdena baino gehiago) bilduma pribatuetatik datoz, inoiz publikoaren aurrean ikusi ez direnak.
