2018-04-04
Untzi Museoa eta Albaola bisitatzeko sarrera bateratua
Ekimen honen bidez bi ekipamenduen arteko lankidetza indartu eta agerian jarri, eta bisitak sustatu nahi dira.
Duela gutxi, LONJA izeneko erakustaretoa inauguratu da Donostiako portuko UNTZI MUSEOAn. Gune honek Pasaian, ALBAOLA Itsas Kultur Faktoria bultzatzen ari den San Juan baleontziaren erreplika zehatzaren eraikuntza proiektuarekin zuzenean lotzen du Untzi Museoa.
Lonja erakustaretoa Albaolak dinamizatutako espazio bizia da, eta San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza prozesuarekin zerikusia duten hainbat tresna eraiki, gorde eta erakusten dira bertan. Tailer honetan, San Juan baleontziak eramaten zituen arraunen, txalupen eta lumera garraiatzeko upelen erreplikak eraikiko dira, publikoaren aurrean.
Hau dela eta, Untzi Museoak Albaolarekin bat lan egingo du, itsas jarduerei loturiko ofizio zaharrak berreskuratzeko, balioan jartzeko eta zabaltzeko, besteak beste, upelgintza, ontzigintza, etab
Elkarkidetza hau indartzeko eta agerian jartzeko, eta bi ekipamendu hauen bisita sustatzeko asmoz, Untzi Museoan eta Albaolan sartzeko bono bateratua diseinatu da:
- · Sarrera bateratua, orokorra: 7,00 €
- · Sarrera bateratua, murriztua: 5,00 €

