2012-09-13
Topic-en 2012-13 Eskola Kanpaina
4 urtetik gorako ikasleei eta bereziki lehen hezkuntzako ikasleei eskainia

Urrian emango zaio hasiera Topic-en hirugarren eskola kanpainari. Aurreko edizioan 1.400 ikaslek baino gehiagok eta 22 ikastetxek baino gehiagok parte hartu zuten, eta aurten itxaropena dugu gainditu egingo dugula muga hori. Ekaina bitartean, bisita bat antolatuko da hilean, eta bisita horretan egun osoa igaroko dute ikasleek Topic-en. Hainbat jarduera egingo dituzte, besteak beste, txotxongilo ikuskizun bat ikusi, txotxongiloak egiteko tailer batean parte hartu eta Zentroko Museoa ezagutuko dute.
Eskola Kanpaina Topic eta txotxongiloen altxorra hobeto ezagutu nahi duten 4 urtetik gorako ikasleei eskainia da, bereziki lehen hezkuntzako ikasleei. "Bisitaren aurretik eta ondoren, lan dibertigarria egingo da, eta egun zoragarria igaroko dute gurekin, txotxongiloen munduaz gozatzen eta pixka bat gehiago ikasten", azaldu du Topic-eko pedagogiako sailaren arduradun Karmele Cruzen hitzetan.
Jarduera honako atal hauek osatzen dute: lan erraz bat ikasgelan; jardunaldi bat Topic-en, 10.00etatik 15.00etara; ikuskizun bat ikusi eta artistekin hitz egin; txotxongiloak eraikitzeko tailer bat; eta gelan beste jolas bat programari amaiera emateko. "Aurten aukera berri bat eskainiko zaie, hain zuzen ere, aukera laburragoa, ikuskizuna ikusi eta museora bisita egiteko aukera, 10.00etatik 12.00etara; edonola ere, beste eskaintza da ikastetxe gehienek hautatzen dutena, osatuagoa eta aberasgarriagoa delako", azaldu du Karmele Cruzek.
Tailerretan txotxongilo bat egiten ikasten dute, baina ez edonola. "Ez dugu ebaki eta itsatsi moduko ariketarik egiten, guretzat garrantzi handikoa da haur bakoitzak bere panpina egitea, sorkuntzarekin lan egiten dugu, eta hori garatzeko aukera ematen diogu. Denei erakusten dizkiegu oinarrizko teknikak, baina bakoitzak bere txotxongiloa egitea nahi dugu. Ez daitezela denak txotxongilo berarekin irten".
Aurten bederatzi konpainia izango dira parte-hartzaileak: Joan Baixas (Katalunia), La Tartana (Madril), Markeliñe (Euskadi), Behi Bis (Euskadi), Luna Teatro (Madril), Anita Maravillas (Katalunia/Euskadi), En la Lona (Euskadi), Zipit (Katalunia) eta Txtxongillo (Euskadi).
Prezioak: 10 euro haur bakoitzeko. 6 euro ikuskizuna, museoa eta aldi baterako erakusketa besterik gabe hautatzen dutenentzat. Izena emateko epea zabalik dago. Bidali izena emateko orria posta arruntez, posta elektronikoz edo faxez TOPIC. Euskal Herria Plaza, 1. 20.400 Tolosa (Gipuzkoa) Tel. 943650414. Faxa. 943 698028 cit@cittolosa.com
